XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SEKSU IHARDUNA NOLA HASI ETA NOLA AMAITZEAZ, SEKSU ELKARTZE EZBERDINEZ ETA MAITASUN LEHIEZ.

Atseginerako gelan, lorez apaindua eta usainez lurrineztatua, gizonak, bere adiskide eta morroien zerbitzuan, bainatu eta galak jantzi ondoren agertuko den emakumea hartuko du.

Freskatzera eta nahi adina edatera gonbidatuko du.

Bere ezkerrean eseri eraziko du eta, ondoren, iletatik hartuz eta bere soinekoaren muturra eta kiribiztoa ukituz, leunki besarkatuko du eskuineko besoarekin.

Orduan, gai ezberdinei buruzko elkarrizketa atsegin bati ekingo dio, nahiz eta gizartean oso gaizki ikusiko liratekeen gaietaz hitzerdika hitzegingo duten.

Abes dezakete, zeinuez lagunduz atsegin badute, musika tresnak jo, arte ederrei buruz mintza eta edanez elkar berotu.

Azkenean, emakumea bere guraria eta irrikia eutsi ezinean jartzen denean, gizonak mundu guztia agurtuko du, eta bakoitzari loreak, ukenduak eta betel hostoak opari egingo dizkio.

Bakarrik aurkitzen direnean, aurreko kapituluetan adierazi den bezala arituko dira.

Hau da seksu elkartzearen hasiera.

Burutzean, amoranteak, apalki eta elkarri begiratu gabe berezirik joango dira garbilekura.

Gero, lehen zeuden lekuetan eseriko dira berriro, betel hostoak mastekatuko dituzte eta gizonak sandalo ukendua eta beste esentziak emango dizkio emakumearen gorputzari.

Beso ezkerrez besarkatuko du, gizonak berak eutsiko dion kopa batean emango dio edaria hitz goxoak murmuriatzen dizkion bitartean.

Beren gustoen arabera gozoki eta beste gauzak jan ditzakete eta fruita freskoen urak, tisanak, haragi zumoak, sorbeteak, mango ura, limoi ura azukrez edo, lurraldekoa den edozer gauza edan, gozoa, atsegina eta garbia bada.